2016(e)ko azaroaren 22(a), asteartea

Albisteak idazten: EREDUAK

Lau zauritu Bizkaiko errepideetan 

Goiz arazotsua gertatzen ari da gaurkoa Bizkaiko errepideetan, neurri handi batean, euria eta eguraldi eskasa direla tarteko. Hala, hiru istripu izan dira, eta lau pertsona zauritu dira. Gainera, ezbehar horien ondorioz, auto pilaketak gertatu dira. 

Goizeko zazpiak baino zertxobait lehenago gertatu da aurrenekoa, N-634 errepidean, Zornotza parean: Seat Ibiza batek eta Citroen Xara batek elkar jo dute, parez pare. Auto bakoitzeko bidaiari bana eraman dituzte zaurituta Galdakaoko Ospitalera. Istripu horren ondorioz auto ilara luzeak sortu dira; N-634an ez ezik, A-8 autopistan —Zornotzan sarrera eta irteera du— izan du eragina. Zortziak eta hamar aldera, beste bi ezbehar gertatu dira. Berriro ere Zornotzan gertatu da horietako bat: sei autok egin dute talka, baina ez da inor zauritu. Arrigorriagan, ordea, lau autok jo dute elkar, eta bi pertsona erietxera eraman behar izan dituzte. 

Berria, 2005-11-25 



------------------------------------------------------------

Ekitaldi asko egingo dira andrazkoek pairatzen duten indarkeriaren aurka 

Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira ekimen eta ekitaldi asko egingo dira gaur Euskal Herri osoan. Horien artean nagusiak Emakumeen Mundu Martxako Euskal Herriko Plataforman biltzen diren eragileek antolatu dituzte. Halaber, herri eta eskualdeetako emakume elkarteek zein erakundeek bultzatutakoak egingo dira han eta hemen. Urtea hasi zenetik bederatzi emakume hil dituzte Euskal Herrian; estatistiken arabera, Hego Euskal Herrian 15.000 emakume inguruk tratu txarrak jasaten dituzte, eta NBEk atzo emandako datuen arabera, 18 segundoro gertatzen da andrazkoen aurkako indarkeria kasu bat munduan. Genero indarkeriaren aurkako egunaren harian, honako manifestazioak egingo dira Emakumeen Mundu Martxako eragileek antolatuta: Bilbon: 20:00etan, Arriagan. Baionan: 12:00etan, Herriko Etxean. Donostian: 19:30ean, Bulebarrean. Gasteizen: 20:30ean, Andra Mari Zuriaren Plazan. Iruñean: 20:30ean, Gaztelu Plazan. 

Berria, 2005-11-25



Nafarroan argitaratutako materiala da hau, webgune honetatik hartua:

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina